Euskaltzaindiaren egoitzak (Plaza Barria, 15, Bilbo) «Bizkaiko Foru zuzenbidea eta euskara: 500 urte elkar biziz (1526-2026)» jardunaldia hartuko du azaroaren 19an, Bizkaiko Foru Barriaren V. mendeurrena dela-eta. Zuzenbideko Euskal Akademiak, Batzar Nagusiek eta Bizkaiko Foru Aldundiak antolatu dute, Euskaltzaindiaren laguntzarekin.
Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol foru diputatuak, Andrés Urrutia euskaltzainburuak eta Elisabete Piñol Zuzenbideko Euskal Akademiako buruordeak irekiko dute jardunaldia. Lehen atalean, foruaren eta hizkuntza-zuzenbidearen arteko loturari helduko zaio: euskarak Foru zuzenbidean duen araubidea, foru zuzenbidearen eskubide linguistikoak historian zehar eta Foruaren euskarazko testuaren ekarpenak aztertuko dira. Bigarren atalean, Forua eta euskal letrak izango dira hizpide, Bizkaiko Foru zuzenbidearen eta bizkaierazko klasikoen arteko harremana eta euskararen susperraldia, Larramendirengandik gaur egunera arte.
Egunean zehar bi liburu aurkeztuko dira: Bizkaia 1526-2026. Foru-testuak euskaraz (Klasikoak bildumako 14. zenbakia) eta …Bizcaico porubac emoten deust escubidia… (MINOR bildumako 15. zenbakia), baita Euskaltzaindiaren Hitzak lege erakusketa ere. Sarrera dohainekoa da, aldez aurretik izena emanez gero (secretaria@avd-zea.com, 944 255 715).