Bizkaiko Abokatuen Elkargoak (Uribitarteko Arranpak, 3, Bilbo) Zuzenbide Pribatuko Sinposioa hartuko du azaroaren 12an, Bizkaiko Foru Barriaren V. mendeurrena dela-eta (1526-2026). «Bizkaiko Foru Barria eta erakunde zibilak: 500 urteko gaurkotasuna» izenburupean, Zuzenbideko Euskal Akademiak, Batzar Nagusiek eta Bizkaiko Foru Aldundiak antolatu dute jardunaldia, Bizkaiko Abokatuen Elkargoaren, Euskal Herriko Notarioen Elkargoaren, Euskal Herriko Erregistratzaileen eta Deustuko Unibertsitatearen laguntzarekin.
Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak, Andrés Urrutia Zuzenbideko Euskal Akademiako lehendakariak, Maite Morillo Bizkaiko Abokatuen Elkargoko dekanoak eta Ángel Félix Nanclares Euskal Herriko Notarioen Elkargoko dekanoak irekiko dute jardunaldia. Goizeko saioan, foru kultura juridikoa, forutasunaren lurralde- eta pertsona-aplikazioa eta norbanakoa Euskal Zuzenbide zibilean aztertuko dira. Ondoren, familiari eta oinordetzari buruzko atalean, foru familiaren bilakaera, tronkalitatea eta foru-oinordetzak landuko dira: komisario bidezko oinordetza, oinordetza-ituna eta nahitaezko oinordetza. Arratsaldean, notario, erregistratzaile, abokatu, magistratu eta fiskalistek osatutako mahai-inguruak foru zuzenbide zibil eta fiskala eguneratzeko proposamen zehatzak aurkeztuko ditu.
Egunean zehar, Euskal Zuzenbidearen Klasikoak bildumako 13. liburua, Fuero Nuevo de Vizcaya (1526), eta Euskal Zuzenbide Zibila erakusketa aurkeztuko dira. Sarrera dohainekoa da, aldez aurretik izena emanez gero (secretaria@avd-zea.com, 944 255 715).