JARDUERAK

Zuzenbide Publikoko Sinposioa, Bizkaiko Foru Barriaren V. mendeurrena dela-eta (1526-2026)

Bizkaiko Batzar Nagusietako Hitzaldi Aretoak (Hurtado de Amezaga, 6, Bilbo) Zuzenbide Publikoko Sinposioa hartuko du azaroaren 4an, Bizkaiko Foru Barriaren V. mendeurrena dela-eta (1526-2026). «Gizarte bidezko, hartzaile eta iraunkor baten esparruan foru edukia eguneratzeko ekimen juridiko berritzaileak» goiburupean, Zuzenbideko Euskal Akademiak, Batzar Nagusiek eta Bizkaiko Foru Aldundiak antolatu dute jardunaldia, Deustuko Unibertsitatearen laguntzarekin.

Ana Otadui Batzar Nagusietako presidenteak, Andrés Urrutia Zuzenbideko Euskal Akademiako lehendakariak eta José Ramón Intxaurbe Deustuko Zuzenbide Fakultateko dekanoak irekiko dute jardunaldia. Goizean, hainbat hitzaldik aztertuko dute Foruak gobernantza demokratikorako duen gaurkotasuna, egoera ahulenean dauden kolektiboen babesa eta berdintasun eta diskriminazio ezaren printzipioa. Ondoren, Batzar Nagusietako talde politikoetako ordezkariek euskal autogobernuaren erronkak eztabaidatuko dituzte mahai-inguruan. Arratsaldeko saioa Bizkaiko Ogasuna eta udal sistema eguneratzeko proposamenetan zentratuko da.

Halaber, Fuero Nuevo de Vizcaya (1526) liburua aurkeztuko da, Euskal Zuzenbidearen Klasikoak bildumako 13. alea. Sarrera dohainekoa da, aldez aurretik izena emanez gero (secretaria@avd-zea.com, 944 255 715).


  • Hasiera-data: 2026/11/04
  • Bukaera-data: 2026/11/04
  • Lekua: Bizkaiko Batzar Nagusietako Hitzaldi Aretoa - Hurtado de Amézaga, 6 - 48008 Bilbo