JARDUERAK

2013/12/12
Jardunaldia

2013ko abenduaren 12an, ostegunean, Kooperatiba Zuzenbidearen Nazioarteko Elkarteak eta Zuzenbidearen Euskal Akademiak antolatuta, Deustuko Unibertsitateko Entzungelan jardunaldi bat ospatu zen kooperatiba-sozietateen konkurtsoari buruz eta mendeko finantza-ekarpenei buruz. Jardunaldia bi mahaitan antolatu zen. Lehenengo mahaian kooperatiba-sozietateen konkurtsoaren ezaugarriak aztertu ziren. Lehenengo hizlaria. Itziar Villafañez Pérez doktorea izan zen, UPV/EHUko Merkataritzako Zuzenbideko irakaslea. Berak azpimarratu zuenez, Kooperatiba Zuzenbidea ezezaguna da konkurtsoei buruzko legeetan. Bere hitzak izan ziren Kooperatiba Zuzenbidearen bi arlo nabarmentzeko kooperatiba-sozietateen konkurtsoetan arazo ugari sortzen baitituzte: batetik, bazkidearen lotura mutualista kooperatibarekin, eta bestetik, sozietatearen egitura ekonomiko-finantzarioa. Jarraian, Enrique Gadea Soler doktoreak, Deustuko Unibertsitateko Merkataritzako Zuzenbideko Irakasle titularrak, azpimarratu zituen kooperatiba-sozietateen konkurtsoetan dauden berezitasunak bazkideen erantzukizunari dagokionez. Ildo horretatik, kooperatiba-sozietateetan galerak egozteko araubidea azaldu zuen, baita kapitalera eginiko ekarpenen araubidea ere, ekarpenok derrigorrezkoak ala borondatezkoak izanda. Eta bazkide kooperatibisten erantzukizunean sakondu zuen Euskadiko Kooperatiba Legearen arabera. Amaitzeko, Alberto Emparanza Sobejano doktoreak, UPV/EHUko Merkataritzako Zuzenbideko Katedradunak, kooperatiba-sozietateen berezitasunak aztertu zituen konkurtso batean Artezkaritza Kontseiluko kide diren administratzaileen erantzukizuna jorratuz. Bere esanetan, kooperatiba-sozietateen kudeaketan bilakaera bat gertatu da administratzaileen profesionalizazioa ekarriz. Administratzaileen jarduneko arduraren neurria indartzea komeni da eta administratzaileek izan dezaketen erantzukizuna konkurtso batean aztertu zuen. Bigarren mahaian, ostera, mendeko finantza-ekarpenak merkaturatzean izandako arazoak jorratu ziren. Lehenengo hizlaria Fernando Sacristán Bergia doktorea, Madrileko Rey Juan Carlos Unibertsitateko Merkataritzako Zuzenbideko Irakasle titularra, izan zen. Berak esan zuenez, finantza-merkatua ez da gardena eta desoreka bat dago inbertsore txikizkariek izan ditzaketen informazioaren eta baliabideen artean. Edozein kasutan ere, arazo hori Kontratuetako Zuzenbide pribatuko arazoa da, eta kontratuaren ez-betetzea gertatu da kasurik gehienetan. Halako finantza-produktu konplexuak saltzen dituzten erakundeek ardura berezia jarri behar dute merkatari adituak diren aldetik, eta inbertsoreak egoki sailkatu behar dituzte profesional eta txikizkarien artean. Mahaiko bigarren hizlaria ezin zenez etorri bere mende ez zeuden arrazoiengatik, Fernando Sacristán irakasleak ere mendeko finantza-ekarpenak zer diren gainetik azaldu zituen finantza-produktu konplexu, betirako eta bermatu gabea bezala.


  • Hasiera-data: 2013/12/12
  • Bukaera-data: 2013/12/12